
Erabilitako metodologiaren aurrean, nolabaiteko beldurra eta
intseguritatea sentitu nuen hasiera batean. Taldekideok ez genuen oso argi
zertan zetzan gure eginkizuna, baina apurka-apurka segurtasuna eskuratu genuen eta
lanari ekin genion. Uste dut ikaskuntza-gurpila metodologia oso interesgarria
eta erabilgarria dela denon artean eraikitako ezagutza konpartitzeko. Hala eta
guztiz ere, gure gelan hainbeste ikasle egonik, bideratzeko zaila izan da.
Bestalde, metodologia hau benetan aberasgarria izan dadin, heldutasun- eta
konpromesu- maila handiak behar dira eta uste dut gelako giroan ez direla gehiegi nagusitu ezaugarri horiek. Horren ondorioz, badirudi bakoitzak bere
lanarekin bete duela, baina modu indibidualista batean, beste taldeen ekarpenak
behar bezala barneratu gabe.
Aurreko ildotik jarraituz, ikaskuntza-gurpila metodologia oztopatu dituzten alderdiak azalduko ditut. Alde batetik, egun berean laupabost aurkezpen egoteak arretaren galera zekartzan eta hasiera batean, interesa piztuta egon arren, denborak aurrera egin ahala, interes hori galtzen zen. Era berean, asistentzia gero eta eskasagoa zen. Beste alde batetik, landu beharreko testuen gaiak nahiko errepikakorrak ziren eta aspektu horrek ere gelaren dinamika oztopatu du. Nire ustez, alderdi hau negatiboena izan da, galera
izugarria iruditzen zaidalako gelan daukagun potentzialitatea kontuan hartuta. Amaitzeko, uste dut ikasgai honen irakasleen arteko koordinazioa hobetu beharko litzatekeela, saio praktikoetan landu ditugun edukiak hain ezberdinak ez izateko. Horrez gain, uste dut lotura handiagoa egon beharko litzatekeela teoriaren eta praktikaren artean; teorian ikasitakoa praktikan aplikatzeko eta alderantziz.
Hobetu beharreko alderdiak alde batera utzita, prozesu honen alde positiboak aztertzeari ekingo diot. Hasteko, uste dut erabaki ona izan zela metodologia berritzaile hau aukeratzen ausartzea. Izan ere, esperimentazioan murgildu gara, ezagutza kolektiboa eraikiz eta elkarrengandik ikasten ikasten. Ekinaren ekinez, kalitatezko lanak egitea lortu dugu, etorkizunerako erabilgarriak izan daitezkeenak. Hortaz, zalantzarik gabe, zoriontzekoa da talde guztiek egindako lana eta eskainitako esfortzua.
Amaitzeko, prozesu hau laburtzeko poster bat uzten dizuet:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina